Volver al catalogo



Arantzazu

novedad

ARANTZAZU BERRIA BIDEAN GORA

ARANTZAZU BERRIA BIDEAN GORA

de Mariano Errasti (Itzulpena: Paulo Agirrebaltzategi)

Mariano Errastiren liburu bikoitza: Subida al Nuevo Arantzazu / Arantzazu Berria bidean gora

Obra bakarra da izan: "Subida al Nuevo Arantzazu" erdarazko bertsio jatorrizkoan; euskarara itzulia,
"Arantzazu Berria bidean gora" titulupean (Paulo Agirrebaltzategi). Gaztelaniazko eta euskarazko
bertsioak liburuki banatan baina batera argitaratu ditugu.
Argazkiz jantzita doa liburua eta koloretan argitaratua (19 x 12,5).

"Arantzazu Berria": Horrelaxe deitzen du autoreak azken berrogeita hamar urteotan eraiki eta zabalduriko Arantzazu fenomenoa: Basilika berriaren, arte modernoaren adierazpide garrantzizko eta artista ospetsuen bateragune bihurtu den horren eraikuntzatik hasita (1950-1956), azken aldiko obra arkitektoniko eta eskultorikoetaraino (Gandiaga Topagunea, Misterioa); eta horien inguruan bideratuta daude edo bideratzen ari diren proiektu berri eta berritzaileak: Baketik, Asis Topagunea, Arantzazu Kultur ekimenak (Gandiaga Topagunea), Naturgintza, Parketxea, Zidorzaletasuna, Artzain Eskola, etab.

“Fraide bat, adinekoa, kalekoz jantzita, bere eskumako eskuan makila duela eta txapela buruan, Arantzazura itzuli da, 50 urte baino gehiago Kariben bizi ondoren misiolari.”

Bi atal ditu obrak, sarrerako ohar mamitsuen ondoren: I. Iradokizun batzuk gorakoan. – II. Arantzazu azken 50 urteotan.
Jakin-minez betetako behatzaile xalo ageri da autorea, eta, bidean gora Arantzazura igotzean, inguruko lurralde ikusgarriaren eta gauzen barnealde ezkutua, horien misterio kosmikoa irekitzen saiatzen da irakurlearentzat. Arantzazuko santutegira helduta, bertako obra artistikoaren –arkitektura, eskultura, pinturaren– aurrean harrituta, horrek adierazten duen kultur ildo berria, inguruko lurraldearekin bat egiten duena, erakusten ahalegintzen da. Era berean, Gandiaga Topagunean bideraturiko proiektu berri eta berritzaileak nabarmentzen ditu liburuan. Ondoren komentuko bere anaia frantziskotarrekin elkarrizketan saiatzen da gure misiolaria argitzen, nola den gaur egun beharrezkoa bide benetan ireki eta humanista hartzea, arazo politiko eta erlijiozkoak konponbideratzekoan.

Saiakera poetiko-literarioa da liburua, edota “ibilian ikusitakoen oharrak” generokoa, berak sarreran deitzen duen bezala; behinola Migel Unamunok edota Armando Palacio Valdés nobelistak idatzitakoen ildotik, Arantzazura egindako bisita kontatuz. Arantzazu kantatu duten euskal poeta eta idazle modernoen aipu ugari dakar gainera liburuak: B. Gandiaga, S. Mitxelena, G. Aresti, F. Juaristi, B. Atxaga, J. Azurmendi, J. Intxausti.

Erromes, mendizale nahiz artezale, Arantzazura bisitan igotzen denak gida modukoa du liburu hau, hobeto ikusi eta sakonetik ulertzeko “Arantzazu berria”: lurraldea, artea, kultura, espiritualitatea.

...

Editorial: EDIZIO FRANTZISKOTARRAK ARANTZAZU

Precio: 14,00 €